Camino de Zolina s/n - 31192 Mutilva Baja (Navarra) - 948 176 560 - info@adacen.org
Castellano   Euskara   English  
             
Gaurkotasuna
Materialak
Jarduera
Kanpainak
Buletinak
02/10/2019
Compartir en   Facebook | Twitter | LinkedIn
Atarrabiako Udalak eta Adacenek lankidetza-hitzarmena berritu dute, mendekotasunean diren pertsonei fisioterapia-zerbitzuak eskaintzeko
Oraingo honetan, 105 saio ere eskainiko dira
 
Mikel Oteiza Iza Atarrabiako alkateak eta José Luis Herrera Zubeldía Garuneko Lesioa Elkarteko lehendakariak (Adacen) “Osasun aktiboa etxean” izeneko programaren hitzarmena berritu dute, joan den astean. Horri esker, mugitzeko zailtasunak dituzten mendekoei fisioterapia-saioak etxean bertan emanen zaizkie.
 
Udalak bultzaturik, ekimen berria da Nafarroan, eta Atarrabiako jarduera fisikoa eta osasunaren aldeko proiektuan sartua dago. Proiektua Udalak finantzatu du, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuarekin batera. Joan den urtarrilean, bi erakundeek akordioa lehen aldiz sinatu zuten, eta orain, berritu egin dute, arrakasta izan baitu, lehen etapan 8 lagun artatu baitira, eta bana beste, 9 saio eskaini zaizkio.
 
Elkarteak Udalarekin sinatu duen hitzarmenari esker, Adaceneko profesionalek fisioterapia-saioak eskaintzen dizkiete beste baliabide batzuetara joateko zailtasunak dituzten mendekoei; beraz, haien etxeetara joaten dira. Horrela, mendekotasunean diren pertsonendako ekimen horren bidez, pertsona bakoitzaren osasunera egokitutako ariketa fisikoak edo/eta esku-hartze terapeutikoa egiten dira.
 
Tratamendu horiez gain, hitzarmenaren barnean aholkularitza dago, pertsona horiek ariketak beren kasa egin ditzaten eta senideei jarraibideak emateko. Horrela, pertsona horien egoera fisikoa hobetzeaz gain, gutxitu egin nahi dira mendekotasunak eta mugiezintasunak eragindako arazoak, hori lagungarria baita, azken finean, autonomia mantendu eta hobetzeko..
 
Programa dela eta, pertsona eta familia onuradunek beren poz handia agertu dute, hobekuntzak izan baitira mendekoen etxe barneko bizi-kalitatean, eta hobekuntza nabarmenak, halaber, onuradunen egoera orokorrean, tratamendua hasi zenetik.  
Atarrabiako Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren bidez aukeratzen da nork jasoko dituen fisioterapia-saioak, eskualdeko Osasun etxeak lagundurik. Adaceneko profesionalek hasierako balorazioa egiten dute eta, horrekin bat, zer helburu lortu eta zer tratamendu egin erabakitzen da. Fisioterapeutek prestakuntza berezia dute narriadura neurologikoan, eta eskarmentu handia mendekoendako gisa horretako tratamenduetan.
Fisioterapia-saioak 50 minutukoak dira, astean behin, eta pertsona bakoitzeko; gehienez, bost hilean. Pertsona bakoitzaren etxean egiten dira.
Adaceneko lehendakariak alkatea zoriondu du, “auzokideei kalitate handiko zerbitzu berritzailea eskaintzeagatik, lagungarria baita mendekoen autonomia eta bizi-kalitatea hobetzeko”. Horixe da, hain zuzen ere, Adaceneko helburuetako bat, hots, arreta-eredu anbulatorioaren bidez eta hurbiltasunetik, adinekoei etxean zahartzen lagundu nahi die, zahartzeak eragiten duen narriadurari aurrea hartzeko euskarri bat eskainita, bai errehabilitazioaren bidez, bai kalitatezko laguntzaren bidez.
 
Adacen
 
Garuneko Kaltea duten pertsonendako baliabiderik ez zegoenez, ezta familiendako laguntzarik ere, senide talde batek Nafarroako Garuneko Lesioaren Elkartea (ADACEN) sortu zuen 1994an. Erakundea irabazi-asmorik gabea da, eta helburu du gizartea eta instituzioak informatu eta sentsibilizatzea giza talde horrek dauzkan arazoez eta beharrez. Adacenek bestelako helburu funtsezkoak ere baditu, hala nola gizarteratzea, Hartutako Garun Kaltea pairatzen duten pertsonendako ezinbestekoak diren zerbitzuak sustatzea, eta pertsona kaltetuen eta haien senitartekoen bizi-kalitatea hobetzea.
 
Elkarteak 1.000 bazkide inguru ditu; 332 pertsona kaltetu dira kide; 61 boluntariok erabiltzen dute beren denbora garuneko kaltea dutenekin eta haien senideekin; eta 61 langile ditu plantillan.
 
ADACENek daukan Eguneko Zentroan 40 lagunendako lekua dago, eta Egoitzan, berriz, 9rendako, biak ere Nafarroako Gobernuarekin hitzartuak.  Horrez gain, Mendekotasunari arreta egiteko zentro bat dauka, erregimen anbulatorioan, 100 lagun artatzeko. Halaber, atseden hartzeko etxe bat eskaintzen die aldi baterako pertsona kaltetuei eta senideei. Horri Azpilagañako Errehabilitazio Neurologikorako Zentroa erantsi behar zaio. Elkartea aitzindaria izan da teknologia berriak errehabilitazio tratamenduetan erabiltzeko, eta gainera, hainbat unibertsitatek eta teknologia-zentrok sustatutako hainbat azterlanetan ere parte hartu du

 
Iaztik hona, NeuroLab esperimentazio espazioa dauka. Bertan, taldean ari dira lanean, kaltetuak, senideak, profesionalak, enpresak eta ikerketa zentroak, irtenbide teknologiko eta arreta-eredu berriak batera sortzeko, jendearen bizi-kalitatea, errehabilitazioa eta autonomia hobetzen laguntze aldera.