Camino de Zolina s/n - 31192 Mutilva Baja (Navarra) - 948 176 560 - info@adacen.org
Castellano   Euskara   English  
             
Gaurkotasuna
Materialak
Jarduera
Kanpainak
Buletinak
26/10/2019
Compartir en   Facebook | Twitter | LinkedIn
Adacenek bere kanpaina berria aurkeztu du, politika eta gizarte arloko eragileen bermearekin
Zahartze aktiboa sustatzeko kanpaina datorren urte guztian zehar garatuko da 
Politika eta kirol munduko nahiz gizarte erakundeetako hogei ordezkari inguruk bat egin dute Nafarroako Garuneko Lesioa Elkartearekin (Adacen), Hartutako Garun Kaltearen Nazioarteko Egunaren karira urtero abian jartzen duen kanpainaren aurkezpenean; egun hori gaurkoan baita, hain zuzen. Oraingo honetan, kanpainak jendearen bizimolde aktiboa eta osasungarria hartu du ardatz, zahartzea eta mendekotasunezko egoerak geldotzeko bide egokia baita.

“Zure ustez, noiz hasi behar duzu zeure burua zaintzen, zahartzarora ahalik eta baldintzarik onenetan iristeko? Zure ustez, nahikoa al da horretan hastea erretiroa hartzean?” Horrela hasi da solasean Silvia Astrain Mendoza, hau da, Adaceneko Komunikazio eta GEKeko arduraduna, Nafarroako hainbat arlotako ordezkarien aurrean, erakunde publiko, alderdi politiko, gizarte nahiz lanbide erakundeetako jendea bildu baita. Silviaren esanetan, “zahartze-prozesua 30 urterekin hasten da, orduantxe hasten baita hondatzen programa genetikoa; % 1eko erritmoan urteko, zehazki. Horrek esan nahi du 50 urterekin galdu egin dugula gure ahalmen birsortzailea. Horren ondorioz, zailagoa zaigu pisua galtzea, hormona jakin batzuen mailak jaistea, oroimena galtzen dugu… Baina, esan behar da ez dela erremediorik gabeko prozesua eta huraxe geldotzen lagundu dezakegula”, nabarmendu du.  

Gaur goizean Iruñeko Karlos III.aren etorbidean egindako ekitaldian, Adaceneko kudeatzaile Francisco Fernández Nistalek azpimarratu duenez, “gure 25. urtemugaren ospakizunaren karira, karrikara atera nahi genuen halako kanpaina positibo bat egiteko, politika nahiz gizarte arloko ordezkariak erronka baten inguruan engaiatze aldera, zahartzea erronka garrantzitsua baita gizartearentzat. Nafarroak Europako eta munduko bizi-itxaropenik handienetako bat dauka jaiotzean. Horrela, Nafarroako Estatistika Institutuak egindako biztanleria-proiekzio probableenetakoaren arabera, Nafarroako biztanleriaren % 20 inguru 64 urtetik gorakoa izanen da 2022an, eta % 7, berriz, 80tik gorakoa. Era osasungarrian eta aktiboan zahartzea ona izanen da Osasun eta Gizarte Segurantza arloko kostu batzuk eragozteko, baina, oroz gain, ona izanen da guretzat, zeren, geure kasa eta ongi bizitzeko aukera izanen baitugu luzaroago”.

Gogora ekarri duenez, “zahartzaroa da gizarteak datozen hamarkada hauetan erantzun beharreko arazo handienetako bat. Bizi-itxaropen handiagoak defizit neurologikoen nahiz mendekotasuna sortzen duten beste osasun arazo batzuen kronikotasuna eragiten du. Haurtzaindegiak itxi eta adinekoendako egoitzak nahiz eguneko zentroak irekitzen ari diren honetan, lehenbailehen ekin behar zaio afera horri era globalean eta zeharkakotasunez”.  
Zahartzea ez dago soilik gobernuetako osasun edo gizarte zerbitzuetako departamentuen mendean, beste esparru batzuetako neurriak ere hartu behar baitira, bestelako faktoreek ere eragiten baitute zahartzea, hala nola kulturalek, generokoek, ekonomikoek, irisgarritasunekoek eta portaerazkoek, besteak beste. Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du gobernuetako maila eta sektore guztiak lagungarriak direla osasunez zahartzeko.
Zahartze aktibo eta osasungarriaren aldeko ekintzak sustatzen dituen politikaren bidez, jendeak luzaroago iraunen du etxeetan, eta gutxiago erabiliko ditu gizarte eta osasun arloko baliabideak; horrenbestez, gizarteari kostuak aurreztuko zaizkio, eta pertsonendako bizi-kalitate hobea eragin.

Nafarroako Gobernuak, dagoenekoz, egina du zahartze aktiboari buruzko estrategia bat, bai eta ekintza plana ere, 60 urtetik gorakoentzat. Adacenek ere programa bat garatzen du arlo horretan, Azpilagañako zentroan, hainbat udalekin elkarlanean, gehienbat erretiratuentzat.  

Dena den, ez da aski adinekoak garenean geure burua zaintzen hastea, baizik eta lehenbailehen hasi behar dugu, bizitzaren laugarren edo bosgarren hamarkadan, zahartzarora ahalik eta baldintzarik onenetan iristeko. “Horregatik bultzatu dugu kanpaina hau, bereziki gizarteari zuzendua” adierazi du Fernández Nistalek, “arlo honetan zer esana duten denetariko pertsonen eta erakundeen engaiamendua lortu nahi dugulako. Zehazki, gure 25. urtemuga ospatzeko ekitaldien azken ekintza da; izan ere, zahartze aktiboa sustatzea eta adinekoei zerbitzuak ematea gure jardueraren ardatz garrantzitsua izanen dira, datozen 25 urte honetan”.      

Hona hemen Adacenek bultzaturiko kanpainaren helburuak:
- Gaixotasun neurologikoak eta kardiobaskularrak prebenitzeko kultura bat sortzea, arrisku-faktore nagusiak kontrolatuz.
- Ohitura osasungarriak laugarren hamarkadatik aurrera era aktiboan mantentzeak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzea. Zahartzea ez baita zaharren kontua.
- Ohitura osasungarriko kultura bultzatu eta ezagutzera ematea; ez erre, ariketa egitea, era aktiboan bizitzea, gizarte harremanak sustatzea, burua lantzea, janari osasungarria jatea…
- Kanpainako adin tarteetan, Nafarroan, bizimodu osasungarri fisikoak eta sozialak sustatzen dituzten talde, gizabanako, elkarte eta erakundeak ezagutzera ematea: helduendako kultur jarduerak, boluntariotza taldea, kirol kluben elkarteak, kirol taldeak, etab.

Kanpaina aurkeztu ondoren, José Luis Herrerak manifestu bat irakurri du, Garuneko Kaltearen Egunaren karira.  

Hip – Hopa 50 urtetan eta talde-argazkia

Aurkezpena bukatzeko, eta jarduera fisiko mota oro edozein adinetan egin daitekeela erakuste aldera, Arkadia Premium hip-hop taldeak emanaldia egin zuen. Taldea 40 urtetik gorako jendeaz osatua da. Taldekide batzuk Barañaingo akademia horrek Got Talent saioan aurkeztu zuen taldeko kideen gurasoak dira. Esan behar da talde hori saiorako aukeratu zutela, epaimahaiak lau Bai eman baitzituen; eta orain, zain dago finalerdietarako sailkatu ote den jakiteko. Akademiaren bultzatzaileak Sagrario Pérez eta Aída Martínez dira.

Ekitaldia bukatzean, bertaratu diren guztiek argazkia egin dute elkarrekin, kirol arropa jantzita, kanpainaren alde daudela erakustearren.  

Kanpaina

Kanpaina 40 urtetik 65era bitarteko jendearentzat da; kaleko eta online ekintzak eginen dira (weba eta sare sozialak).
Hainbat irudi eta mezuz osatua dago eta gauza ugariz hornitua, 70eko hamarkadan edo lehenago jaiotako guztiek ezagutzen dituztenak, baina gaur egun erabiltzen ez direnak (kasete-zintak, bide-zintak, walkmanak, telebistak, urte haietako jostailuak, musika taldeak, eta dagoeneko existitzen ez diren lekuak, bai Iruñekoak, bai Nafarroakoak). Esaldi hau ageri da: “Hau ezagutzen baduzu… zeure burua zaintzen hasteko tenorea da”. Leloa, berriz, hauxe: “Zaindu zaitez gaur, bihar gozatzen jarraitzeko”.

Adacenen web berrian gune txiki bat sortu da. bai irudi horiek bai aurrerantzean sortuko diren beste batzuk zabaltzeko. Gune horretako atal bat bizi-ohitura osasungarriei eskainiko zaie; beste batean, berriz, bizimolde osasungarria izaten lagundu diezaguketen baliabide eta pertsona taldeen zerrenda bat ageri da, estekak eta guzti, adibidez:
-    Kirolari talde seniorrak.
-    Boluntarioen elkarteak.
-    Prestakuntza jarduerak eta denbora librekoak sustatzen dituzten elkarteak.
-    Helduendako kultur jarduerak sustatzen dituzten erakundeak.
-    Adin horietako pertsonei kirola egiteko eta hobeki elikatzeko aukera ematen dien guztia, edota gizarte harremanak eta gizarte jarduera sustatzeko aukera ematen diena.  

Gainera, hemendik aurrera, eta datorren urte osoan, hainbat kale-ekintza eginen dira, talde eta erakunde horiekin elkarlanean.  
Kanpaina dibertigarria da, “giro ona” sortu nahi duena, xede-publikoaren arreta era positiboan erakartze aldera, betiere talde bateko kide izatearen sentimendua sortuta.

Adacen eta zahartzea

Adacenek hainbat urte daramatza zahartzea lantzen, “Elkarrekin zahartzen” programaren bitartez.   Erabiltzaileen autonomia luzatzea du helburu nagusi, bai eta etxean beren kasa bizitzen jarraitzea ere.

Hona hemen proiektuaren helburuak:
-    Mendekoen bizi-kalitatea hobetzea, haien autonomia sustatuta eta familien gizarte laguntza bultzatuta.
-    Behar diren laguntzak lortzen saiatzea, arreta jasotzen duten pertsonek ahalik eta denbora gehiena eman dezaten beren gizarte-ingurunean.

Esperientziaren bidez, laguntza ere eman nahi zaie mendekoen familiako kideei, zaintzaile informalen lan-karga eta estresa murrizte aldera. Zehazki, familiako kideei laguntza soziala eta psikologikoa emateko ekintzak egiten dira, haien egoera doitzen eta normaltzen laguntzeko.
Programa horren baitan, hainbat baliabide eta tailer jarri dira abian mendekotasunak eraginik arreta espezializatua behar duten adinekoentzat. Programa Azpilagañako zentroan egiten da, bai eta Beriain, Aranguren, ZIzur Nagusia, Oltza eta Eguesibarren ere, betiere udal, osasun etxe eta gizarte zerbitzuekin elkarlanean. Adacenek arreta-eredu malguak eskaintzen ditu, bakoitzaren egoerara egokituak.

Atxikimenduak

Hona hemen kanpainarekin bat egin duten pertsonak, ekitaldian agertuta:
Mª Carmen Maeztu Villafranca, Gizarte Zerbitzuetako kontseilaria
María Caballero, Iruñeko Udaleko alkateordea eta kirol zinegotzia
Patxi Leuza, Iruleko Udaleko zinegotzia
Miguel Pozueta, Kiroleko zuzendari nagusia
Inés Francés Román, Mendekotasunerako Nafarroako Agentziako zuzendaria
María Angeles Nuin, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzailea
Julen Etxebeste, Gizarte Berrikuntzako Unitatea
Toni Magdaleno, PSNko senataria
Arantza Biurrun, PSNko parlamentarioa
Marta Álvarez, Navarra +ko parlamentarioa
Cristina Ibarrola, Navarra +ko parlamentarioa
Koldo Martinez, Geroa Baiko parlamentarioa
Jabi Arakama, Geroa Baiko parlamentarioa
Mikel Buil, Podemosko parlamentarioa
Bakartxo Ruiz, Bilduko parlamentarioa
Ana Isabel Jiménez Lasanta, Fisioterapeuta Elkargoa
Leticia Acaz, AEDONAko kudeatzailea
Fernanda Esparza Saez, Aspace
Mª Luz Sanz, Cermineko presidentea
Edurne Apestegui, Terapeuta Okupazionalen Elkargoa

Zahartzaroari buruzko zenbait datu (Iturria: Osasunaren Mundu Erakundea)

-    2015etik 2050era, 60 urtetik gorako biztanleak 900etik 2.000 milioira pasatuko dira munduan. Hau da, % 12tik % 22ra igoko da. Gaur egun, ezin esan adinekoek beren gurasoek baino osasun hobea dutenik, ez baitago frogarik.
-    Adinekoen heriotza eragile nagusiak kardiopatiak, iktusa eta neumopatia kronikoak dira.
-    Zahartze biologikoa ez dator beti bat urteekin. Laurogei urte beteak dituzten batzuen ahalmen fisikoak eta biologikoak hogei urteko gazte askoren adinakoak dira; beste pertsona batzuk, berriz, adin goiztiarragoetan hasten dira moteltzen. Bizimodu aktiboa eta osasungarria izateak eragin handia dauka horretan.
-    Osasuna zahartzaroan ez dago halabeharraren menpean. Adinekoen osasuna haien ingurune fisikoaren eta sozialaren mendean dago hein handienean. Faktore horiek zahartzean dute eragina, haurtzarotik hasita, gainera.
-    Herrialde gehienetako osasun sistemak ez daude ongi prestatuak adinekoen beharrei aurre egiteko; adinekoek, izan ere, hainbat gaixotasun kroniko eta sindrome geriatriko dituzte.