Burezur-garuneko traumatismoak
Burezur-garuneko traumatismoa buruan hartutako kolpe bat da, pertsonaren kontzientzia maila aldatzeko adinako indarra duena edota garuneko haustura bat eragin dezakeena. Burezur-garuneko traumatismoa pairatzen duten pertsona gehienak lan edo auto istripuak izan dituzten gazteak dira. Erorikoek ere eragiten dute burezur-garuneko traumatismoa (haurrengan eta adinekoengan, batez ere), eta kirol edo arrisku jarduera batean jasotako kolpeek ere bai.
Iktusa
Iktusak edo garuneko istripu baskularra garun-fluxuko arazoek eragiten dituzte. Iktusak arterien buxadurek eragiten dituzte (tronbosia), edota arterien hausturak (odoljarioak). Odol-isuria azken iktus mota horri dagokio.
Batez ere, hiru faktorek eragiten dute iktusa izan eta ondoko egun edo asteetako egoera klinikoan: garuneko eremu kaltetuaren azalerak, lesioaren kokapenak eta gaixoaren adinak.
Bestelako zergatiak
- Garuneko anoxia
Garuneko oxigenorik eza da, eta hainbat guzak eragin dezakete, hala nola bihotz-gelditze batek, itodurak, karbono monoxidoak sortutako toxikazioak, eztarriko trabamenduak, edota arnasketa-sistemako beste arazo batzuek. Jaio aurreko eta jaiotza inguruko anoxiek ere, maiz, garuneko kaltea eragiten dute.
- Tumoreak
Traumatismoetan bezala, gora doa biziraupena garuneko tumoreetan. Pertsonak, zenbaitetan, gaixotasun larri horretatik ateratzen dira bizirik baina errehabilitazio-prozesuei ekin behar zaie.
- Entzefalitisa
Herpes birusak eragindako infekzioa da eragile nagusia. Izan ere, infekzio mota horrek lobulu tenporalei eta bekoki-lobuluei erasaten die. Kasurik larrienetan, arazoak izaten dira oroimenena eta mintzoan, eta aldaketak ere izaten dira emozioetan nahiz jokamoldean.